Ekitea: Enpresak sortu dituzten ikasle ohien bizipenak
Atal honetan ekintzailetzan murgiltzea erabaki duten industria arloko Lanbide Heziketako ikasle ohien esperientzia deskribatzen da. Ikasketa ezberdinen artean hautatzeko erabakiaren aurrean dauden pertsonentzako erreferentzia izatea da atal honen helburua, ekintzailetzan murgiltzeko asmoa izan zein ez izan.
Barneko ikuspegi hau oso lagungarri izan daiteke, izan ere, indarreko araudiak, aurki daitezkeen arazo ohikoenak eta sektore bakoitzeko estatistikak sakon azaldu arren, beti askoz ere aberasgarriagoa da ekintzailetzaren ibilbidea lehen pertsonan egin duenaren esperientzia jakitea.
Estrulaser Tubo S.L.
Estrulaser Tubo S.L. (www.estrulaser.com) hodi eta profil irekien mekanizatuan lan egiten duen enpresa bat da, laser-teknologia erabiliz. Unai Leyaristi enpresako kidea da. Berak kontatu digunez, enpresa 2007an sortu zen Armeria Eskola Lanbide Heziketako ikastegiaren eta Saiolan aholkularitzaren laguntzarekin.
Enpresa adar profesional ezberdinetatik datozen bazkideek osatzen dute: ingeniaritza, delineazioa eta automobilgintza. Kide guztiek ezagutzen zuten laser-teknologia aldez aurretik, izan ere, bazkideak laser lauarekin lan egiten duen enpresa batetik datoz. Dena den, Unaiek aitortu digunez, hodiaren mekanizatuaren inguruko prestakuntza eta ezagutza “hegaldi-orduak sartuz” eskuratu zituen. Haatik, aitortu digunez, Saiolan aholkularitzak enpresa-kudeaketa, administrazio eta merkatu-azterketari buruz, “adibide argi eta praktikoekin”, emandako ikastaroak oso baliagarriak izan ziren enpresa aurrera eramateko.
Ekintzailetzari dagokionez, Unaiek adierazi digu bere sektorean berea “teknologia berria dela, orain ezagutzen hasi dena galdaragintzako bulego teknikoetan, altzari-enpresetan edota automobilgintzan” eta esparru askotan aplika daitekeen teknika bat dela, eta hori abantaila bat dela. Bere sektorean ekitearen alderdi zailena, adierazi digunez, zera da, “lehiakortasuna gero eta handiagoa dela eta 2009. urtetik prezioak mantendu egin direla”.
Enpresa modura duen helburua “gure bezeroei kalitate-prezio bitasunari dagokionez zerbitzu ona ematea da, malguak izanez eta diseinua eta ezagutzak eskainiz” baina baita enpleguak sortzea ere. Enpleguak sortzeari dagokionez, Unaiek aipatu digunez, une honetan egoera zaila da, izan ere, gaur egun ekoizten dutenaren kopurua ez da egonkorra, gorabeherak dituzte, eta egonkortasun gehiago behar da langileak kontratatu ahal izateko.
Zailtasunak zailtasun, bazkide modura, edozein adoretzen du “probatu eta ausartzera, ikusmira etorkizunean jarriz”. Ohartarazten du “hasierak ez direla batere errazak” eta bere kasuan bereziki zaila izan zela “izan ere, jendeak ez zuen teknologia ezagutzen eta krisian sartu baino hilabete batzuk lehenago ekin genion bideari, horri guztiorri ez-ordaintzeak eta abar gaineratu behar zaizkio”. Hala eta guztiz ere, esan digunez, “atzera begiratuz, harro edo, bederen, pozik egoteko modukoa da, gure akats eta jardun onarekin, pixkanaka-pixkanaka, hainbat urte igaro ondotik, gure berri dute hainbat sektoretan eta enpresako lantaldea eta beharrizanak areagotzen ari dira”.
Amaitzeko, ekintzaile berrien inguruan galdetu diogu, ekiteko asmoa duen jendearen inguruan, eta hau izan da horretan pentsatzen ari den pertsonarentzat eman digun aholkua: “bere prestakuntza guztia egunerokotasunean isla dezala, hemen egunero ikasten da zerbait eta industriaren munduan ekiteko asmotan badabil, normalean, lehen urtean belaki bat zara, dena xurgatzen duzu. Ez da dena eder eta polita eta estropezu egiten baduzu, altxatu eta jarraitu egin behar duzu, betiere, zenbakiak iraunkorrak badira...”
Biselek S. Coop.
Biselek S. Coop. (www.biselek.es) 6 kide dituen enpresa bat da, 2014. urtean sortua, eta material elektrikoa eta automobilgintzakoa banatzen lan egiten du.
Enpresa horretan lehenesten den prestakuntza Erregulazio- eta Kontrol- Sistema Automatikoetako Goi Teknikariarena da. Enpresako kide batek adierazten digunez prestakuntza hori ezinbestekoa izan zaio, izan ere, bere enpresa-jarduna prestakuntza-ziklo horietan jasotako ezagutzetan oinarritzen da. Ekintzailetzari dagokionez, bere sektorean egoera konplexu samarra dela aipatu digu, izan ere, merkatua erabat hartuta dago eta ibilbideari duela urtebete eskas ekin izanaren zailtasuna gaineratzen da beraien kasuan. Haatik, kooperatiba bat eratzearen hautua oso gomendagarria dela aipatzen digute, eta norberaren enpresa gidatzea, 6 bazkidek zuzendu eta mantentzen dutena, pertsonalki oso asebetegarria dela.
Egoera zail samarrean egon arren etorkizun hurbilean hazteko iguripen oso onak dituztela adierazi digute eta proiektuarekin pozik daudela azpimarratu digute: “aurrera egin daitekeela sentitzen dugu eta ekimena, gogoa eta eginahala laguntzat hartuta enpresak emaitzak emango dituela uste dugu, sentitzen dugu, eta hori oso asebetegarria da”.
Etorkizuneko ekintzaileen inguruan edo ekiteko aukera aztertzen ari diren pertsonen inguruan galdetu diegunean, esan digutenez, garrantzitsuena “ideiak argi izan eta asko saiatu eta lan egitea da, norberak duen guztia, % 100a ematea, gauzek aurrera egin dezaten”.
SEI BulegoTeknikoa
SEI BulegoTeknikoa (www.seiweb.es) duela 8 urtez geroztik Makina-erremintako proiektuak eratzen dituen enpresa bat da. Proiektua 2007. urtearen hasieran abiatu zen, Sebas Etxabek, enpresako kideak, adierazten digun moduan, bere ekintzailetza-esperientzia azalduz.
Sebasek LH2 Titulua eskuratu zuen lehendabizi (gaur egun goi mailako zikloa litzatekeena) delineatzaile modura eta 15 urte eman zituen besteren kontura lanean. Denbora horretan, bitartean, hizkuntzak ikasi zituen eta bere lan-sektoreko funtzionamendua ezagutu zuen. Ekiteko ordua iritsi zela erabaki zuenean, DEBEGESA sozietatearen ikastaroetara jo zuen. Bertan ezagutzen ez zituen enpresaren munduko alderdien inguruko azalpenak eman zizkioten: fiskalitatea, marketina, komunikazioa, etab.
Aitortu digunez, prestakuntza funtsezko elementu bat izan da, enpresa aurrera ateratzeko lagungarri izan dena “Enpresak aurrera egin eta iraun dezan beharrezkoa den ikuspegi orokor bat izateko”. Ekintzaile honek izandako esperientziaren barnean, nabarmendu egin du “Norberarentzat lan egitearen sentsazioa, horrek dituen abantaila guztiekin eta malgutasunarekin”. Haatik, norberaren negozioa gidatzeak erantzukizun handia eskatzen duela aitortzen du. Hori eta “arriskuaren aurrean bakarrik egotea” kudeatzen ikasi beharreko alderdiak dira.
Sebas baikor da. Une honetan duen helburua bere fakturazio-bolumena mantendu eta enpresa aurrera atzeratzen jarraitzea da. Haatik, etorkizunean hazteko asmoa du, izan ere, bere iguripenak onak dira eta ez du uste aldatuko direnik. Bere proiektuarekin oso pozik dagoela aitortzen du, eta beti hobetzeko zerbait dagoela dakienaren sen kritikoa mantendu egiten du. Hala ere, horrek ez dio kentzen enpresa aktibo mantendu izanaren harrotasuna, une gogorrak edo ez horren oparoak gaindituz.
Ekiteko asmoa duenari edo etorkizunean bere kabuz ibilbide bati ekiteko zein ikasketa hautatu erabaki ezinik dagoenari zer esango liokeen galdetu diogunean zera esan digu, garrantzitsua dela “Enpresa-proiektua proposamen errealistekin egitea, izan ere, alderdi asko estimazioetan oinarritzen dira, eta horrek norbere burua engainatu eta enpresak porrot egitea eragin dezake”.